A Grabiel

 Patxi Ezkiaga

GABRIEL CELAYAREN HERIOTZEAN

I.

...Banoa.
Esperientzia fraudulentoa da,
haurraren lehen zigorra bezalakoa.
Badakit
iharketa motelaz nahiz
arnasketa zail, dardarakorrez,
zure indarra bera
lapurtzen dizudala:

      itsas maxkorraren aintzinako soinua
      bailitzan,
      bale zaurituaren odolezko uhara.
      izua eta mina,
      atzean utzitakoagatik izua,
      bidaiaren hasieragatik mina,
      biak, haatik, atzerria.

Ene fantasiek bildu dituzte
momentu latza kateiatzeko
euren hariak.
Beranduegi, ordea,
ezer gertatu ez arren
danajazo bait da.

      Ai, marearen aldaketa
      ordu mugalari honetan,
      itsasoa utzi eta eradondoa
      geratzeko historiaren labarrean.

Intziriak eta malkoak
urteetako agonia solidoa
lakreztuz,
inork ahantz ez dezan
gutunaren mezua:

      azken batez
hori besterik ez haiz,
gizona.

II.

Hilik dago.

   Bere haragiak aitortzen du
   mihiak isildu duena,
   begimozorrotuek
   ez hiltzen ikasteko asignatura
   suspenditu dutela,

      hatz grisaska gurutzatuek
      bizitzaren gristasuna maitatuz
      agian errazagoa dakigukela
      kontraesanezko bide hau ointzea.

      Hilik dago
      baina alferrik ordea
      norberari norberagandik soilik
      gertatzen bait zaigu ikastea.

III.

      Hila naizenean ez dakit,
      hareeta dunak ala lanbro tantak,
      zer amestuko dudan.

      Hila naizenean ez dakit,
      iraganaren biluzia ala geroarena,
      zer jantziko dudan.

      Hila naizenean ez dakit,
      pekatuaren eltxoa ala errondaren igela,
      zer oroituko dudan.

      Hila naizenean ez dakit,
      enararen scherzoa ala saiaren zirkurua,
      zer marraztuko dudan.

      Hila naizenean ez dakit,
      bizitzaren heriotza ala heriotzarena,
      zer beürakotuko dudan.

Patxi Ezkiaga Lasa.
* Publicado en la revista Zurgai, número especial de diciembre de 1992.


 
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la p�gina de Gipuzkoa.net